Orriak

miércoles, 23 de noviembre de 2011

Euskal Herriko pertsonaia mitologikoa: Lamia (Janire)

LAMIAK
Lamiak edo amilamiak erreka zuloetan egoten dira ilea urrezko orraziaz orrazten. Hankak oiloenak bezalakoak izaten dituzte, eta gizakumeak liluratuta lagatzen dituzte. Kostaldean, lamiak gerritik behera arrain dira eta itsaslamia izena dute.
Lanean laguntzen diete opari bat ematen dietenei; honela, zubi batzuk lamiek egindakoak dira: Ebraingoa (Bidarrai), Azalaingoa (Andoain), Urkulukoa (Gatzaga), Ligikoa... Gauez egiten dituzte eraikuntzok.
Ostadarraren muturrean lamia bat egoten da ilea orrazten, eta eguzkiak bere adatsean joz zabaltzen du ostadarra. Lamia arrak ere badira eta sekulako indarra dute. Gauez trikuharriak egiten dituzte batzuetan, eta etxeetan sartzen dira askotan etxekoak oheratutakoan. Izen desberdinak dauzkate: Maideak, Mairiak, Intxixuak (Oiartzunen), Saindi Maidi (Nafarroa Beherea).
LAMIEKO KONDAIRA BAT: LIDIAKO ZUBIA
Aspaldi, orain dela ehunka urte, Zuberoako Ligiko jaunak zubi bat eraikiarazi zuen herria zeharkatzen duen ibaitxoaren gainean. Euskal harginek harria ondo lantzearen fama zeukaten mundu osoan, baina oraingo honetan, eraikuntza aparteko gauza ez izan arren, bukatu baino lehen erori egin zen.Berriro eraikitzea agindu zuen eta berriro erori zen.Hirugarrenez horrelakorik gerta ez zedin, Ligiko jaunak Lesarantzuko lamiei deitu zien zubia egin zezaten. Lamiek pozez zoratzen onartu zioten lana, baina baldintza bat jarri zioten:-Inoiz eroriko ez den moduko zubia egingo dugu eta oilarrak jo baino lehen egin ere, baina zure arima nahi dugu gure lanaren truke.Ligiko jaunak pentsatzen jardun zuen une batean.-Zubia berehala behar dut eta arima... bukatzen dutenerako zerbait bururatuko zait.Tratua onartu zuen eta lamiek beren lanari ekin zioten.Ehunka ziren: batzuek harriak lantzen zituzten; besteek eskuz esku pasatzen zituzten esanez:-To. Gilen! Har ezak, Gilen! Emadak, Gilen! Hemen hamaika mila Gilen gara!Ligiko jaunak gazteluko dorretik ikusten zuen lanaren martxa. Beti erritmo berean ari ziren, beti hitz berak esanez:-To, Gilen! Har ezak, Gilen! Emadak, Gilen! Hamaika mila Gilen gara hemen!Azkenean, harri bat besterik ez zen falta zubia osatzeko.-To, Gilen! Har ezak, Gilen!... Azkena duk, Gilen!Eta jartzera zihoazen une hartan bertan, Ligiko jaunak oilategian prest zuen lasto pilari su eman zion eta berehala sekulako argitasuna egin zen bertan. Oilar gaztea ikaratuta esnatu zen, eta egunak lotan hartu zuelakoan hegoak astindu eta kukurrukuka hasi zen ahal izan zuen indar handienaz.Oilarra entzundakoan, lamiek lanari utzi eta iskanbila zaratatsu artean desagertu egin ziren. Ipintzea falta zitzaien harria ibaira erori zen. Honela zioten ihes egiten zuten bitartean:-Oilar madarikatua! Martxoko oilar madarikatua!Geroztik, Ligiko zubia harri baten faltan dago. Ura bare eta garden dagoenean, zulo bat ikus daiteke habe batean eta harri gorri handi bat ibaiaren hondoan. Asko saiatu izan dira hura handik ateratzen baina oraindaino ez du inork lortu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario