Orriak

viernes, 18 de junio de 2010

Taloa geletan

ZER DA TALOA?
Mendeetan zehar taloa izan da gure baserrietako oinarrizko elikagaia. Gure amonek, gizaldiz gizaldi, etxeko sukaldeko sutondoan prestatu dute. Jaki xumea da, eta horretxek ematen dio hain balio handia.
Hona hemen taloaren adiera formala: arto-irinarekin, urarekin eta gatzarekin egindako opila da; baserrietako sukalde ekonomikoan erretzen da eta esnearekin, txistorrarekin, hirugiharrarekin, txokolatearekin edota gaztarekin jaten da.
Alabaina, euskaldunontzat badu Taloak esanahi zabalagorik; alegia, arbasoengandik jaso dugun jakia baino zeozer gehiago da. Izan ere, Taloa gure eguneroko kulturaren parte da, eta mendeetako historiaren gainetik, gure herrian sustraiturik dago.
Horretaz gainera, Taloak tradizioa adierazten du, natura adierazten du, eskulana eta sua ere bai; eta, guztien gainetik, zaporea erakusten du.

ARTOA ETA TALOA HISTORIAN
Euskal gizaki primitiboa ehiztaria izan zen. Elikaduraren oinarri zituen ehiza eta basoan biltzen zituen fruituak eta landareak.
Ondoren, K.a. 3000. urtearen bueltan, abeltzaintzan hasi zen, eta K.a. 300. urtean, berriz, nekazaritzari ekin zion, erromatarrek lurra lantzen erakutsita. Hala, Euskal Herriko lehen uztak zerealenak izan ziren.
XV. mendean biztanle kopuruak gora egin zuen eta, horregatik, nekazaritzako produktuen eskeak ere gora egin zuen. Garia eta artatxikia (mijoa) ereiten ziren. Produktu horiek, elikagaiak izateaz gain, baserriko errentak ordaintzeko ere erabiltzen ziren.
1523. urtean ailegatu zen artoa Uztaritzera (Iparraldera), euskal marinelek ekarrita. Espainian, aldiz, mende bat beranduago.
XVII. mendean ugari erabiltzen zen artoa. Oso harrera ona izan zuen nekazarien artean eta bizimaila hobetzea ekarri zuen. Uzta kaxkarreko garaietan, goseteak izaten zirenean lagun ona izan zen artoa; eta horrek ere eragin zuen biztanle kopurua igotzen.
XVII eta XVIII. mendeetan, berriz, artoa eta babarruna izan ziren euskaldunon jaki nagusiak eta, orduan ere biztanleria egonkortzen lagundu zuen.
Orain gutxi arte artoa oinarrizko elikagaia izan da gure kulturan. Aldi berean, tradizioak eta harremanak sortzeko bidea izan da; esaterako, arta-zuriketa festak. Festa horiek behin uzta bilduta eta artoa zuritzen hasten ziren sasoian egiten ziren. Herritarrak, baserritarrak gehien bat, baserriz baserri joaten ziren auzolanean, ondoko baserrietako arto zozkorrak zuritzen laguntzera. Hala, elkarrekin aritzen ziren kontu-kontari eta herriko kontuak ikasten zituzten. Harreman sozialerako eta afektiboetarako aukera paregabea izaten zen arta-zuriketa.
Testuinguru horretan, artoa eta Taloa bateratsu ibili dira. Beraz, Euskal Herrian Taloa jatea da artoa kontsumitzeko modurik usuena eta errotuena.
ARTOA ETA TALOA OSASUNEAN
Artoa da taloaren osagaia, oso elikagai baliotsua eta energetikoa.
Kolesterola eta erradikal askeak kontrolatzen laguntzeko osagai ugari ditu; azido linoleikoa eta betakarotenoak, esaterako.
Horietaz gain, oinarrizko oligoelementuak ditu –potasioa, burdina, magnesioa eta manganesoa- eta osagai horiei esker elikagai bikaina da elikadura orekatuari eusteko
Artoak onura handiak eskaintzen dizkigu, elikatzeaz landa. Klikatu hemen eta artoaren inguruko bitxikeria franko topatuko duzu. Talo aurpegia jarriko zaizu!!!!
Artoa sukaldean eta sendabidetarako nola erabili jakin nahi baduzu, hona lotura interesgarri bat.
NOLA EGIN BETIKO TALOA
Atal honetan azalduko dizugu nola egiten den Taloa eskuz. Pausoz pauso jasoko duzu baserrietan mendez mende nola egin den.
Lehenbizi taloa egiteko tresna egokia behar dugu: oraska edo oramahaia. Oraska egurrezko ontzia da, piramide-enbor itzuliaren itxurakoa, eta orea egiteko erabiliko dugu.
Oraskan ondoko gaiok jarriko ditugu: arto-irina, ur beroa eta gatza.
Nahasketa oratu eta pilota txikiak eginen ditugu.
Pilotak ere ongi oratuko ditugu eta palan zabaldu eginen ditugu, opil itxura emateko. Zabaldutakoan ore fina eta tinkoa izanen dugu.
Taloak izateko, opilok bi eratan erre ditzakegu; bata, ekonomikaren txapa beroan erreta, eta bestea, berriz, talo-burnian erreta.
Taloak erre direnean, edozerekin bete ditzakegu: txistorrarekin, hirugiharrarekin, gaztarekin, txokolatearekin edo jan behar duenak nahi duenarekin.

NON EROSI TALOAK?
Euskaldunok asko maite dugu taloa, baina azken urteotan ez dugu jateko aukera haundirik izan: ferietan, azoketan eta herrietako festetan.
Orain gutxi arte, neguko otordua izan dugu eta eskuratzeko zaila, nahiz eta estima handikoa izan dugun.
Zorionez, badugu gure artean hutsune hori bete duenik. Leitzako Talotegia S.L.L. enpresa aitzindaria dugu taloen salmentan eta horri esker gaur egun erraz eta aisa dugu eskura taloa.Gainera, nahi bezala konbinatzeko modua ematen digu. Eskaintza berria eta berritzailea egiten digu Talotegia enpresak, izan ere, aukera ekologikoa ere prestatu baitute. Hartara, jatun ororen atseginerako aukerak ditugu oraingoan.
NOLA JAN TALOA?
Taloa edozein gairekin jan dezakegu. Otordu baterako oinarrizko elikagaia izan daiteke, eta, hemen ere, zenbat buru hainbat aburu; beraz, nahi adina nahasketa egin dezakegu.
Talotegiko web orrian eskura izanen dituzu taloekin egindako errezetak nahasketak probatzeko.
Gainera, orain, etxeko guztiok badugu otordu bat lagunei eta familiakoei harrotasunez eskaintzeko.
Gure taloa nonahi eta noiznahi prestatzeko moduan dago; otordu erraza eta arina egin nahi duzula, sukaldaritza landua nahi duzula, arratsaldekoa egiteko, afari erromantikoa ...baita lagunartean pintxotan prestatuta ere. Zaude lasai, leku onean utziko zaitu eta. Edozein dela egoera, jakin badakizu beti kalitatezko produktua duzula ezpainartean.
GURE OROITZAPENAK
Nork ez du oroitzapen ederrik (behintzat goxorik), Taloaz ari garela?
Gurekin konpartitzera gonbidatuta zaude; goza itzazu hemen esanen diren historiak. Hala, jaki baliotsu horren balorea ezagutuko duzu.
E-mail: info@euskaltalo.com
Maitane

No hay comentarios:

Publicar un comentario