Gora, behera, gora, behera... Haur-parkeek itxura futurista hartu dute azken urteotan, eta diseinu ausarteko tresnak ageri dira han eta hemen. Funtsean, dena den, lehengo gauza bera egiten da parkeetan, gora eta behera ibili, zabuetan, txirristan, eta abarretan. Haurrek ez dute arriskurik ikusten maiz, eta ziztuan ibiltzen dira, orain erdi zutik, orain eserita, erori beharrean... Gurasoek ikara bat baino gehiago hartzen dute, eta haurrek, makina bat kolpe; hori dela eta, jolasgune horiek baldintza onetan egon behar dute. EROSKI CONSUMER aldizkariak haur-parkeen egoera aztertu du, eta azterketa justu-justuan gainditu dutela azpimarratu behar da. Emaitza 'onargarria' baino ez dute lortu, orain dela bost urte egin genuen azterketan bezalaxe. Gauza batzuk hobetu direla antzeman dugu, baina ez behar adina. Hiru jolas-tresnatatik bat ez da egon behar bezala zaindua (horrek arriskuan jartzen ditu haurrak), eta jolasguneen erdietan ez da ageri inolako kartelik, erabiltzaileak jakin dezan tresna bakoitza zer adinetako haurrentzat den. Horra hor emaitza apalaren arrazoietako batzuk. Segurtasunaren alorrean, hobera egin dute gehienek: hamar gunetatik zazpik kautxu birziklatua eduki dute zoruan, eta guneen % 84 hesituta egon dira.
EROSKI CONSUMER 18 hiritan ibili da, eta 132 jolasgune publikotako 739 tresna aztertu ditu urtarril bukaeratik otsail hasiera bitarte. Honako hiri hauetan, hain zuzen: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. 40 kulunka-tresna, 50 txirrista, jolas anitzeko 129 tresna, 254 zabu-jarleku eta 262 malguki aztertu ditugu, eta alderdi hauei erreparatu diegu; segurtasuna, zainketa, informazioa eta irispideak. Jolasgune horien erdiak hirigunean egon dira, eta beste erdiak, aldirietan edo erdialdetik kanpoko auzoetan. Era berean, udalei informazioa eskatu diegu, eta galdetu ea zenbat haur-parke dituzten eta zer aurrekontu jartzen duten horiek zaintzeko.
Emaitzarik onena lortu duten haur-parkeak honako hiri hauetakoak izan dira (emaitza 'ona' eskuratu dute): Cadiz, Bartzelona, Kordoba, Gasteiz, Iruñea eta Granada. Bilbo, Madril, Murtzia, Donostia, Valentzia, Zaragoza, A Coruña, Alacant eta Malaga maila 'onargarrian' geratu dira. Azterketa gainditu gabe gelditu dira, berriz, Oviedo, Sevilla eta Valladolid ('hala-holako' emaitza izan dute).
Egoki erabiltzekoak dira
Haur-parkeak oso erakargarriak dira neska-mutilentzat, jolasa eta arriskua biak biltzen dituzte eta. Haurrak, ordea, ez dira jabetzen egiaz zenbateko arriskua dagoen. Hori dela eta, gune horiek ongi zaintzea eta segurtasun-arauak betetzea bezain garrantzitsua da gurasoek haurrak ongi heztea eta erakustea nola jokatu behar duten jolasguneetan:
Jolasguneen segurtasuna
Espainian ez dago legedirik haur-parkeetako segurtasunak nolakoa izan behar lukeen arautzen duenik. Andaluziak eta Galiziak soilik egin dituzte zenbait dekretu, Europan indarrean dagoen araudia oinarri hartuta (UNE-EN 1176 eta 1177 araudia, alegia). Testu horiek eredutzat hartuta, EROSKI CONSUMER-ek egiaztatu du parkeen segurtasunak 'ona' izaten jarraitzen duela, 2005. urtean egin genuen azterketan gertatu zen bezala. Hala ere, orduan bezala gaur egun ere, bada zer hobetu.
Jolasguneen segurtasuna onargarria da, baina bada zer hobetu
Haur-parke batek modu seguruan hesitua egon behar du, eta ibilgailuak dabiltzan guneetatik bereizia egon behar du. Guk aztertu ditugun bost parketatik hirutan, ordea, zirkulazioa ibili da inguruan, nahiz eta parkeak egoki hesituak egon diren. Zoruan, gainera, material guriak eduki behar dituzte, kolpeak arintzeko. Adituek esaten dute kautxu birziklatua edo zoru naturalak direla egokienak (harea, belarra edo zuhaitz azala), baina horiek ongi zaindu behar dira gero. Guk ikusi ditugun hiru parketatik bik kautxua eduki dute; gainerakoek, zoru naturalak eduki dituzte; harea (% 26k ez dute beste deus eduki), hartxintxarra, belarra eta zuhaitz azala. Oso arriskutsua dela jakinda ere, oraindik erabiltzen dituzte material gogorrak eta kolpeak leuntzeko balio ez dutenak: Zaragozako gune batean, adibidez, galtzada-harria ikusi dugu zoruan.
Jolas-tresnak nola zainduta egon diren ere aztertu dugu (zatiren bat apurtuta edo solte eduki duten, torlojurik nabarmentzen ote den, elementu herdoildurik baden, zati ezpalduak, ertz arriskutsuak eta egituraren bat lurrean gaizki ainguratua egon ote den), eta haurrak harrapatuta geratzeko arriskurik egon litekeen ere ikusi dugu: gora eta behera ibiltzeko sokek zenbateko tartea eduki duten, eta ea haur baten burua sar litekeen; V formako irekigunerik baden, non haurraren arropa, edo ilea, kateatuta gera litekeen; irekigune handiegiak dituzten gainazalak badiren; edo zabu-kate zabalegiak, non haurrak hatzen bat sar dezakeen tartean.
Tresnak lurrean ainguratuta egon ohi dira, eta egiaztatu dugunez, malgukien eta kulunka-tresnen % 3 izan ezik, gainerako guztiak lurrean ongi finkatuta egon dira. Ainguratze- edo finkatze-sistema bezain garrantzitsua da haren osagai guztiak egoki elkartuta egon daitezen. Haur-tresnen segurtasunari buruzko araudiak esaten du torlojuek egoera onean egon behar dutela, babestuak edo biribilduak, eta zatiren bat nabarmentzen bazaie, gehienez ere, 8 milimetro atera daitezkeela. Halaxe gertatu da kasurik gehienetan. Oro har, segurtasunaren arloan ongien ibili diren tresnak Iruñean eta Kordoban ikusi ditugu (ez dute inolako hutsegiterik eduki guk aztertu ditugun ataletan), eta okerrenak, Sevillan eta Oviedon. Sevillan, adibidez, jolas-tresnen erdiak baino gehiago gaizki zainduta egon dira, egoera txarrean, eta bostetik batean, arriskua ikusi dugu haurren hatzak harrapatuta geratzeko edo arropa kateatzeko. Oviedon, sei tresnatatik batek elementu arriskutsuak eduki ditu, haurrei min emateko modukoak.
Jolasguneen garbitasuna eta zainketa
Haur-parke bat ongi zaintzeko, dirua eta ahalegina behar dira. Udalek diru-atalak jartzen dituzte horretarako, baina ez guztiek berdin, jakina. Biztanle kopuruaren eta hiriak duen hedaduraren araberakoa izaten da hori. Dirurik gutxien Cadizko Udalak jarri du (40.000 euro), eta gehien, Madrilgoak (9,6 milioi euro). EROSKI CONSUMER aldizkariko teknikariek ikuskatu dituzten parkerik gehienak egoki zainduta egon dira, oro har (% 12tan soilik antzeman dituzte gabeziak). Oviedo eta Valladolid nabarmendu dira txarrerako: bisitatu dituzten hamabi jolasguneetatik zortzi zikin egon dira, pintaketak eduki dituzte, hondakinak, kristalak, zakur gorozkiak eta zigarrokinak.
Gure teknikariek aztertu dituzten 735 jolas-elementuak ongi ibili dira eta arazorik gabe erabiltzeko moduan egon dira, baina gabezia batzuk ere sumatu dituzte: eusteko kateak apurtuta egon dira edo oso egoera txarrean, egitura batzuk kaskar edo ahul samarrak iruditu zaizkie, txirristen jaitsi-leku batzuk oso higatuta aurkitu dituzte eta malguki batzuk ez dituzte jo guztiz egokitzat. Jolas-parkeak berez hondatzen dira, erabiliaren erabiliz, baina, gehienbat, jendeak hondatzen ditu, nahita, gainera. Graffitirik edo pintaketarik ere ez dira falta jolas-parkeetan: jolas-tresnen % 12tan ikusi dituzte teknikariek (2005eko txostenean baino gutxiagotan). Era horretan margotuta ere, zenbait jolas-tresna aski gaizki daude, zaharkituak geratu dira eta berritu on baten premia daukate. Gutxi zainduta egon diren tresnen artean (hirutik bat), pintura esku baten premia eduki du bostetik batek, elementu herdoilduak agertu dituzte % 10ek, eta zati ezpalduak, apurtuak edo solteak antzeman dizkiete % 5i. Hiriz hiri zer gertatu den esaten hasita, Iruñea eta Kordoba nabarmendu beharra dago: bi horietan ez dugu antzeman gisa horretako gabeziarik; Oviedon, A Coruñan eta Sevillan ez bezala: haur-parkeen erdiek baino gehiagok eduki dituzte halakoak.
Jolas-tresnak, banan-banan
Zabuak, txirristak, malgukiak, jolas anitzeko egiturak eta kulunka-tresnak. EROSKI CONSUMER-ek banan-banan aztertu ditu parkeetan gehien ikusten diren tresnak, segurtasunaren alorrean zer gabezia dituzten egiaztatzeko.
Informazioa, irispideak eta konparatzeko taula
Haur-parkeetan kartelak jarri behar dira, erabiltzaileek jakin dezaten zer betebehar dituzten jolas-tresnak erabiltzerakoan, eta larrialdiren bat gertatzen denean zer egin behar duten ere adierazi behar zaie kartel bidez (ongi irakurtzeko modukoak izan behar dute, gainera).
Oso garrantzitsua izaten da jakitea zer adinekin erabiltzeko den tresna bakoitza, baina datu hori aski parke gutxitan ikusi dute gure teknikariek (% 46tan baino ez), eta zenbait hiritan, parke bakarrak ere ez du eduki halako kartelik: Kordoba, Murtzia, Valentzia eta Valladolid. Era berean, larrialdi-telefonoa jartzea ere funtsezkoa da, istripuren bat gertatuz gero ere, eta osasun etxe gertukoenak zein diren ere bai. Telefono-zenbakia parkeen % 45etan egon da jarria (Cadiz, Granada eta Gasteiz nabarmendu dira onerako, eta Alacant, Valentzia eta Valladolid txarrerako); osasun-etxeen informazioa, berriz, bost parketatik batean ikusi dute teknikariek (Granada eta Cadiz nabarmendu dira). Jolasguneen erdietan, bestalde, ez da esaten galarazia dagoela animaliak eramatea. Malagan eta Iruñean, esaterako, inon ez da esaten halakorik.
Oso informazio gutxi dago erabiltzaileentzat
Aztertu ditugun jolasgune gehienetan, ez da arazorik izan haur-kotxeekin edo gurpil-aulkiekin iristeko. Egokia izaten da, halaber, jolas-tresnak kolore biziekin margotzea, ikusmen-arazoak dituzten haurrek hobeki bereiz ditzaten. Gure teknikariek aztertu dituzten hamar parketatik batean, ordea, ez dira egon hala margotuta. Mugikortasun-arazoak dituzten haurrentzat, berriz, oso ongi etorri ohi da tresna batzuk lurraren arrasean jarrita egotea, baina oso gutxitan ikusi ditugu halakoak (aztertu ditugun parkeen % 22tan baino ez); braillez idatzitako kartelak ere jarri behar lirateke, baina bakarrean aurkitu dugu halakorik, Bartzelonan, hain zuzen.
Parke biribila
Haur-parke egokiak zer baldintza bete behar dituen zerrendatzen hasita, honela laburbilduko genuke: gurasoei segurtasuna eman behar die eta haurrei ongi pasatzeko aukera. Aire zabalean dagoenez, maiz egin behar dira zainketa-lanak, parkeak 5 urteko bizia eduki dezan, gutxienez. Hona hemen kontuan hartu behar liratekeen alderdi nagusiak:
No hay comentarios:
Publicar un comentario